Apirilaren 5ean Pirritx eta Porrotx Kasillako pabilioian!!!

2007/12/10

Irakurzaletasuna, gurasoen esku

Irakurketa sustatzea ez da batere erraza, irakurtzea gustuko ez duten gure inguruko hainbat haur eta gazte dira horren seinale. Bizitzaren lehen hamar urteetan irakurtzeko ohitura finkatu egiten omen da, eta epe horretan irakurketa plazerra eta ez betebehar bezala barneratzea oso garrantzitsua da. Horretarako haurren inguruak, hots, familiak, betetzen duen papera ezinbestekoa da. Guraso askok uste dutenaren kontra, eskolak ez ezezik etxekoek ere irakurzaletasuna bultzatu dezakete. Nola egin? Ba...


  • Haurrak irakurtzera ez behartuz.

  • Liburuak eskura jarriz.

  • Liburu dendak bisitatuz.

  • Eguneroko ohiturarekin.

  • Zalantzak argituz.

  • Libururik ez debekatuz.

  • Irakurketa zaletasunetara egokituz.

  • Irakurketa elkarbanatuz.

Aholku hauetaz gainera, aipatu beharra dago haurtzaroaren sasoi bakoitzari liburu mota desberdinak dagozkiola. Horrela, lehen bi urteetan liburuak arakatzeko objektuak izango dira, ikutzekoak, haginkatzekoak, entzutekoak... Bi eta lau urte bitartean, liburuak zenbait kontzeptu ikasteko balioko dute, goian behean, gaua eta eguna... Lau eta zazpi urteen artean liburuetan funtsezkoa da irudimena, baina logikaren barruan kontatutako historiak izan behar dute eta amaiera zoriontsua dutenak. Gainera garai honetan, baloreak bereganatzen hasten dira, eta beraz, kontu handiz aukeratu beharko ditugu liburuak, gizartean orain arte eman diren eta bidezkoak ez diren zenbait aurreritzi gure seme-alabek bereganatzea ez badugu nahi (emakumearen rola, indarkeria...). Zazpi eta bederatzi urte bitarteko haurrei, poloak gustatzen zaizkie, hau da, pertsonaiak oso oso onak izatea edo oso oso maltzurrak. Bederatzi urtetatik hamabi urtetara abenturen garaia da, zientzia fikzioarena eta melodramarik gabeko maitasunarena. Horrelaxe hasten dira misterio eta abenturazko eleberrietan murgiltzen, adin bereko pertsonaia umoretsu, herrikoi eta ausartekin. Adin egokia da fantasma eta sorginekin topo egiteko ere eta beldurrak gainditzeko formula ona da. Eta azkenik, eperik zailena, heldutasunera heldu arteko garaia. Gazteek haur eta gazte literaturatik atera eta jenero guztietako liburuen aurrean topatuko da, eta bere nortasun eta zaletasunen arabera aukeratuko ditu. Gurasoek liburu aukeraketan ezer gutxi egin badezakete ere, gazteek beti onartuko dituzte aholkuak.



No hay comentarios: